ODOL EMAILEAK
KAZETARITZA ETA IKUS ENTZUNEZKO KOMUNIKAZIOA
Ematea, pertsona batek egin dezakeen akzio onberena da. Berea den zerbait, ezagutzen ez duen norbaiti ematen ari baitzaio musu truk. Odola ematea, akzio onbera dela esan genezake. Baina badira, onberak diren emateko beste hainbat modu edo ondasun ere.
Osasunaren haritik jarraituta, gorputzeko organoen transplanteen munduarekin aurkitzen gara. Handia da beraien organoak ordezkatu behar dituzten pertsonen kopurua beraienak behar bezala funtzionatzen ez dutelako. Baina tamalez, organo emaile kopurua ez da maila berekoa, eta askori ez zaie inoiz iristen bizitzeko behar dituzten bihotz, birika edo dena delakoak.
Kontuan hartzekoa da, organoak ematearen prozesu konplexua. Izan ere, kasu gehienetan, organo emailea hilda egotea behar da bere organoak eman ditzan. Horrez gain, behin hilda dagoela, bizirik zela horiek emateko baimena eman izana nahitaezkoa da. Eman daitezkeen organoak, giltzurrunak, gibela, bihotza, birikak eta pankrea dira. Emailea hiltzean, bere organoak egoera onean dauden ziurtatuko da. Hala bada, organo jakin bat behar duen gaixoari hildako emailearen organo jakin horrekin ordezkatuko zaio ebakuntza bidez.
Esan beharra dago, organo jakin batzuk ematerako orduan, emaileak ez duela zertan hilik egon behar. Emaileak bizirik dirau duela organo jakin batzuk eman ditzake. Beti ere legeak ezartzen dituen baldintzak betetzen baditu. Legearen arabera, nahitaezkoa da emailea heldua izatea eta osasuntsu egotea.
Emailea bizirik dagoela bere organoak ematearen kasuak ezohikoak diren arren, noizean behin ematen dira. Ohikoena senide edo lagun artean ematea izaten da. Giltzurrun baten beharrean dagoen anai edo lagunak besteari bere bi giltzurrunetako bat ematean jazo ohi dira kasu horiek. Bi giltzurrun ditugun arren, aski da bat bizirik jarraitzeko. Gibel transplanteekin ere antzeko kasua eman daiteke. Gibel bakarra dugun arren, erregeneratu egiten den materia da eta nahikoa da gibel osasuntsua duen pertsonari horren zati bat kentzearekin gaixoari emateko. Eman daitezkeen beste organo zati batzuk, hesteen zati bat, pankrearena edo biriketako lobulua izan daitezke.
Organo transplanteez gain badira bestelako donazio batzuk ere. Gero eta gehiago entzuten diren hezur-muin donazioak. Hezur-muin donazioa, emaileari aldaka atzealdetik odol kopuru jakin bat ateratzean datza. Prozedura honetarako nahitaezkoa da anestesiaren erabilera. Hezur-muina ematean, odoleko ama zelulak ematen ari zara. Odoleko gaitzak pairatzen dituzten gaixoak izaten dute donazio honen beharra. Leuzemia gaixoek adibidez. Ama zelulak odoleko zelulak berritzeaz arduratzen dira, hala nola, globulu gorri eta zuriak eta plaketak.
Odoleko ama zelulak ematearekin loturik dagoen beste donazio mota bat ere aurkitu zen duela ez urte asko eta gero eta gehiago dira emaile kopuruak. Zilbor-hesteen donazioan datza. Zilbor-hesteek ama zelulak dituzte eta behin haurdunaldia igaro dela eta umea jaio dela zilbor hesteak funtziorik ez duenez, hori ematea gomendatzen da, zelula horien premia duten pertsonak egon baitaitezke.
Osasunarekin loturiko donazio gehiago dauden arren, aipaturikoak dira garrantzitsuenak. Medikuntza liburu potolo bat idatz genezake donazio mota guztiez hitz egiteko, ehun donazioak, espermatozoide donazioak... milaka daude.
Baina, osasunaz at badaude beste donazio batzuk ere. Laguntza ekonomikoak esaterako. Munduan zehar jatekorik ez duen edo eta arropa erosteko adina diru ez duen pertsona ugari dago. Horregatik, asko dira beraien soldataren zati bat pertsona behartsu horiei ematen diotenak urtero. Laguntza ekonomiko horiek ez dira zuzenean ematen. Gobernuz Kanpoko Erakundeen bitartez egin ohi dira, hala nola umeei laguntzeaz arduratzen den Unicef, edo arropak jaso eta banatzeaz arduratzen den Caritas.
Ikus dezakegunez, era askotara lagundu ditzakegu behar garrantzitsuak dituzten pertsonak. Ez zaigu batere kostatzen hori egitea. Hare gehiago, gu geu pertsona horien lekuan aurkituko bagina, laguntza hori eskertuko genuke. Beraz, izan gaitezen solidario eta lagun diezaiogun albokoari bere izena jakin ez arren.