top of page

Itxaso Aranguren, odol emaile gaztea (19 urte): “Gazteek odola ematearekiko kontzientzia falta dutela uste dut”

 

-Noiz hasi zinen odola ematen?

Orain dela urtebete inguru, 18 urte nituenean.

 

-Zergatik hasi zinen?

Unibertsitatean geunden eta irakasle batek komentatu zuen hurrengo egunean odola emateko aukera izango genuela. Lagun batek eta nik komentatu genuen: “ba, joan gaitezke!” eta joatea erabaki genuen.

 

-Zer moduzko esperientzia iruditu zitzaizun?

Ona, nik uste dut beharrezkoa dela ematea eta ez da batere kostatzen. Bueno, nire kasuan behintzat ez dit beldurrik ematen orratzak eta orduan, nire ustez oso ona eta gomendatzen dut.

 

-Nola sentitzen zara odola ematen duzunean?

Esan dudan bezala, ondo. Ez dakit, joaten naiz, egin beharrekoa egiten dut eta listo.

 

-Zein alde on eta zein alde txar ikusten diozu odola emateari?

Ba onak aipatutakoak, azkenean jendeak behar duela eta zuk eman egiten duzula sobran daukazulako eta eman dezakezulako. Eta txarrak, ba ni adibidez bitan bakarrik joan naiz eta joan naizen bietan mareatu egin naiz. Lehenengoan bi aldiz mareatu nintzen eta bigarrengoan ere mareatu egin nintzen baina behin bakarrik. Orduan, ba alde txarra hori da baina hain gaizki ere ez da pasatzen. Azkenean, mareatu egiten zara, ogitartekoak ematen dizkizute gero, ondo tratatzen zaituzte eta ez dago arazorik.

 

-Ezagutzen al duzu zuk bezala odola ematen duen jende gaztea?

Bai, nire klasean nahiko jende ikusi nuen ematen unibertsitatean eta gero, badakit nire lagunen lagunak ere ematen dutela. Eta ematera joan naizenean ere ikusi izan ditut, baina hala ere, gehiago ikusten dira zaharrak ematen.

 

-Eta zergatik uste duzu izan daitekeela?

Ba, gu agian ez gaudelako hain kontzientziatuta benetan behar dela eta ez dakit, zeren eta azkenean bai jartzen digutela erreza emateko; unibertsitatera joaten dira eta horrelakoak, orduan aukera bertan daukagu. Kontzientzia falta dela uste dut.

 

-Gomendatuko al zenioke jendeari esperientzia hori bizitzea?

Bai. Nik lehen esan dudan bezala, guztiz gomendatzen dut beharrezkoa delako eta ez delako batere kostatzen. Azkenean, joaten zara, tardatzen duzu tardatzen duzuna, oso gutxi, ematen duzu eta kito, egin duzu.

 

 

 

 

Ane Menayo, erizaintza ikaslea (19 urte): “Oso segurua da pertsona bati odola sartzea”

-Askotan atera behar izan al diezu odola odol emaileei?

Ba bueno, erizaintza ikasten ari naizenez, praktiketan behin edo behin tokatu izan zait odol emaile bati odola ateratzea eta askotan ez, baina behin edo behin bai.

 

-Zer profil du odola ateratzera joaten den jendeak?

Ba, niri tokatu zaizkidanak gehienak gizonak eta helduak izan dira. Baina, ez dut askotan atera eta gainera, ilaran emakume asko ikusten ziren eta gazte asko ere bai. Batez ere gazteak, zeren eta askotan jende zaharraren odolak ez du balio. Baina batez ere, gazte gazteak ere ez, baina 25, 30, 35 urte inguruko jendea.

 

-Sartu al diozu inoiz odolik behar izan duen pertsonaren bati?

Bai, hori bai. Praktika guztietan sartu izan dut azken aurreko astean.

 

-Nolako jendeari?

Zaharrei edo gaixotasunen bat zeukatenei. Gehienbat, nik odola sartu diedanen pertsonen batazbesteko adina 60 urtetik gorakoa da.

 

-Zer zailtasun sor daitezke odola sartzerakoan?

Erreakzio bat edukitzea odol horren aurka edo zure gorputzak ondo ez toleratzea. Konplikazio nagusia sukarra edukitzea da. Berez, agian zure odola da baina nola beste pertsona baten beste substantzia daukan ba, horrek eragiten du zuri sukarra sortzea. Edo bestela, beste erreakzio bat azala zerbait gorritzea izan daiteke, baina hori momentukoa da eta ez da hain garrantzitsua. Hori kontrolatuz gero, nahikoa.

 

-Zer gerta dakioke beste inoren odola jaso ezin duen gaixo bati?

Bere antigorputzak odol horren kontra hasiko direla borrokan eta orduan, hil egin daiteke. Izatez, segun eta zenbat kantitate sartzen diozun hil egingo da. Odol talde desberdinez nahasten bazara edo RH desberdinez nahasten bazara, azkenean pertsona hori hil egingo da. Shock batean sartuko da eta hil egingo da.

 

-Horrelako kasu larririk ezagutzen al duzu?

Ez, eskerrak ezetz. Ia-ia ondoko koartoko bati sartu zioten. Nik ez, baina ikusi egin dut; beste erizain bat joan, odola ondoko koartoan laga eta jartzera zihoan momentuan ez dakit nola, ze frogaketa pila bat egin behar dira, eta jartzeko momentuan beti ere frogatu egiten duzu; bat-batean pegatina ikusi eta pazientearen aurrean “ostra, hau ez da zure odola” esan. Baina nola hainbeste aldiz frogatzen duten, konturatu egiten dira. Oso segurua da, odol poltsa jasotzen duzun unetik jartzen duzun arte, 10 aldiz frogatu duzu. Zeren eta azkenean, pertsona hil egingo da bestela eta zure esku dago pertsona hiltzea edo ez momentu horretan.

 

-Azkenaldian odol emaileak ugaritzen ari direla uste al duzu?

Nik estatistikoki seguru ezin dut esan, baina nik ikusten dudanagatik eta ospitalean ikusten dudanagatik baietz esango nuke. Oraindik odolaren behar asko dago, jendea animatzea odola ematera, baina nik uste dut pixkanaka handitzen ari dela. Batez ere, esan nahi nuena da gazteen kontzientzia gero eta gehiagora doala.

 

 

 

 

Maria Arrona, odola eman ezin dezakeen gaztea (19 urte): “Ezin diezaiokezu odola emateari ezetz esan horren sentsazioa ezagutu ezean”

 

-Zein arrazoiengatik ezin duzu odola eman?

Nik pare bat arrazoi dauzkat. Horietako bat  ez naizela behar den pisura heltzen da. Eta bigarrena anemia daukadala da eta hortaz, nire odolak ez du balio burdin falta daukalako eta bestalde, nire gorputzarentzat ere kaltegarria izan daitekeelako.

 

-Zenbat kg pisatu behar dira odola emateko?

Ba, jarrita dagoenez, 50kg pisatu behar dira. Hori nire ustez, gorputzaren araberakoa izan beharko litzateke, baina 50kg-tan dago jarrita.

 

-Zergatik gustatuko litzaizuke zuri odola ematea?

Iruditzen zait guri ez zaigula ezer kostatzen, eta bueno, jendeak badauka beldur hori hasieran. Baina, iruditzen zait guri momentuan mina egin diezagukena segundo batzuetako kontua dela eta beste batzuei onura handia ekar diezaiekeela, ze, askotan gure odolaren esku dago jendearen bizitza eta hori nahiko garrantzitsua iruditzen zait.

 

-Odola eman ezin dezaketen pertsona asko ezagutzen dituzu?

Nire familian badaude pare bat, bat pisura iristen ez delako eta besteak anemia daukalako baita ere. Eta nire inguruko jendearen artean ere ezagutzen ditut beste pare bat pertsona edo, arrazoi berdinagatik ezin dutenak odola eman.

 

-Eta pertsona horiek gazteak ala helduak al dira?

Normalean, nik ezagutzen ditudanak nire ingurukoak, nirekin ibiltzen den jendea, gazteak dira; baina badago nire familian pisura iristen ez den pertsona heldu bat ere.

 

-Nahiz eta zuk odola eman ezin dezakezun, zer esango zenioke odola ematen hasi nahi duen pertsona bati?

Nik guztiz animatuko nuke mundu guztia, behintzat lehenengo aldiz probatzeko zer den. Gero erabaki dezatela berriro egingo duten edo ez, baina hasieran ezin duzu ezetz esan ez baldin badakizu zer den sentsazio hori. Orduan, bai animatuko nukeela jendea probatzera eta saiatzera, ze jendeari onura asko egin diezaiokezu eta berez ez da asko kostatzen.

 

 

 

Eva Etxeberria, odola behar izan zuen emakumea (50 urte): “Gero eta jende gehiago animatzen da gaur egun odola ematera”

 

-Zer dela eta jaso behar izan zenuen odola?

Nire alaba jaio zenean, odol asko galdu nuen erditzerakoan. Eta anemia handia neukanez, odola jarri zidaten.

 

-Laguntzazkoa izan al zen zuretzat?

Bai, noski. Izan ere nire globulu gorrien kopurua oso eskasa zen eta oso ahul nengoen. Odol hori jaso izan ez banu, oso egoera larrian egongo nintzateke eta asko kostatuko litzaidake berriro ere nire onera itzultzea.

 

-Zuk eman al duzu odolik inoiz?

Ez. Izan ere, txikia nintzenean hepatitisa pasa nuen eta esaten zutenez horren ondorioz ezin da odolik eman. Lehen behintzat horrela zen.

 

-Odola behar izan duen beste pertsonarik ezagutzen al duzu?

Bai. Herriko zaharren zentro sozialean egiten dut lan ile apaindegian eta nire bezero batek baino gehiagok behar izan du odola jasotzea ebakuntza baten ondoren.

 

-Zer garrantzi ematen diozu zuk odola emateari?

Ba izugarrizko garrantzia du nire ustez, ze, edozeinek edozein momentutan behar izan dezake istripu bat, ebakuntza bat, edo beste mila gauzen ondorioz. Eskerrak gero eta jende gehiago animatzen den gaur egun odola ematera eta gainera jende gazte asko. Oso ondo dakit, nik lan egiten dudan tokira etortzen direlako odola ateratzera eta odola ematera animatzen den gero eta jende gazteagoa ikusten dut.

 

 

 

 

 

 

 

bottom of page